Irunen sortua, Iñaki Añorgarekin ezkondua, azken hori musikari profesionala. Anakako eskola publikoan eta Pio Baroja institutuan egin zituen lehen ikasketak. Viteri Udal akademian egin zituen musika ikasketak. José Antonio Canoura eta Mikel Bikondoarekin ikasi zuen esku soinua jotzen. Musikako goi mailako ikasketak Francisco Escuderorekin egin zituen, eta piano ikasketetan, berriz, Juan Padrosa eta José Antonio Medina izan zituen irakasle. Hogeita hamar urtetik gora daramatza Merchek musikaren irakaskuntzan. Hasiera batean, Anakako Casinoan, eta bere etxean ere ematen zizkien klaseak auzoko haurrei. Gerora, Anaka kaleko 40zenbakian ireki zuen bere akademia, eta bertan jarraitzen du gaur egun ere, Juncal Arruabarrenaren laguntzarekin. Irungo Atseginaren Akordeoi Orkestra sortu zuen 1979an, eta honekin nazioarteko sari ugari lortu zituen. Ezinezkoa izango litzateke kalkulatzea zenbat ikasle pasatu diren bere eskuetatik, baina gaur egun, musikari emanak bizi dira haietako asko.
Itzulpena: Joxemi Aranburu
|